XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horrela, ba: ez utzi inork zuen burua menpera dezan! Larrua gogortu! Ulertu al duzue? Lehenengoa ulertzen duenak erdia aurreratu du.

Gauza guztien gainetik, bi kualitate hauek mantentzen bait ditu: adimena eta balorea.

Eta gogoan hartu orain esan behar dizuedana: adimenik gabeko balorea, zalaparta da, eta balorerik gabeko adimena tontakeria.

Inozo ausartiak eta koldar adimentsuak ugari izan dira historian zehar. Eta hori ez dago ondo.

Ausartiak adimentsu eta adimentsuak ausarti bihurtzen direnean, orduan bakarrik, lortuko dugu Gizateriaren aurrerabidea.

Gauza filosofiko hauek idazten ditudan bitartean, zelai zabalaren erdian, mahai herrenaren aurrean, egurrezko aulkian eserita nago berriro.

Gaur goizean, denda batetan, arkatza erosi dut. Arratsaldea da.

Zugspitzen diz-diz egiten du elur erori berriak.

Han aurrean, egur piloaren gainetik, katu pinttoak lotsarik gabe begiratzen dit.

Sorginduta dago! Nire lagun Eduardek lepoan daraman kanpaitxoaren hotsa dator menditik.

Laster nire bila etorriko da. Gottfried ez da gaur etorri, ez dut uste ezer gertatuko zitzaionik.

Bai, bihar, behingoz, gabon ipuinarekin hasiko naiz.

Han, ausartiez, beldurtiez, tontoez eta azkarrez hitzegingo dut.

Dena dela, internatu batetan haur mota asko dago.

Eta orain hau bururatzen zait: ba al dakizue internatu bat zer den? Internatua, etxebizitza eta eskolaren arteko zerbait da.

Ikasleentzat, koartela dela ere esan liteke.

Mutilak han bizi dira, jantoki handi batetan jaten dute, beraiek ipini behar dituzten mahai batzutan.

Logelak ere handiak dira; goizean goiz, izugarrizko zarata ateratzen duen kanpai baten sokari tira egiten dio atezainak.